MILURTEKO ARTEA JITEZ KARTSUAK DIREN EMAZTE ETA GIZONEK MILURTEKO ARTEA ONDOKOEI IRAGANARAZTEN
Ekai nobleak eta zehaztasun handiko lana uztartzen dituen arbasoek helarazi trebetasuna
Trebetasun ugari eskatzen ditu makhilaren egiteak: mizpirondo egurraren lanketa, metalaren moldaketa eta apainketa eta larruaren txirikordatzea. Aitzineko belaunaldiak du eskulangile bakoitza gure ateleriaren baitan formatzen.
Makhilaren egiteko 7 trebetasunak
Mizpirondo egurra, makhilaren (makila) bihotza
Denbora eta pazientzia gehien eskatzen duen lana da mizpirondo egurraren lanketa. Hamar bat urte igurikatu behar da zurtoina aski zabala izan dadin ebakia egiteko. Eskarifikazioak orbaindu ondotik, zurtoina moztua da, labean pasatzen da, azala kendua zaio eta zuzendua da. Orduan hasten da egurra zuzendua, azkarra eta patinatua izateko 10 urte iraunen duen « ontze » lan bat.
Larruaren txirikordatzea
Teknika biziki berezia
Kalitatezko larrua beharrezkoa da heldulekua eta alpakaren fabrikazioa kausitzeko. Euskal Herriko zurrategia batetik datorren antxume larrua erabiltzen dugu. Larru hau bere sendotasun handiarako hautatu dugu. Uste dugu XIX. mendearen bukaera arte ehuleak izan diren Ainciart Bergara gure arbasoengandikako ondorioa dela eskauire hau.
Sekretupean atxiki trebetasuna
Belaunaldiz belaunaldi helarazi eta sekretupean atxiki trebetasunetako bat da Ainciart Bergara makhilen eskutokiaren txirikordatzea. Trebetasun biziki teknikoaren ondorioa da txirikorda, diametroa desberdina baita mutur batetik bestera.
Trebatze ordu anitz beharrezkoak dira duela ehundaka urte Ainciart familiak pikoan ezarri teknika honetaz jabetzeko. Lau belar izpiko txirikordatzea erabiltzen da alpaka burutzeko. Eta honek, eskutokiaren txirikordatzea baino erraztasun handikoa bada ere, antze eta kontzentrazio handiak behar ditu.
Plakatik galandara
Manatze bakoitzerako, gure ganerretan ibiltzen gara Ainciart Bergara makhilaren jabea izanen den pertsonaren izaria eta pisuari dagokion mizpirondo zurtoina hautatzeko. Egur guziek diametro, kolore, ardatz eta luzetasun desberdinak dituzte. Egurra hautatutakoan, moztu baino lehen, honen izariak metalezko plakara ekartzen ditugu (letoi, alpaka edo zilarra).
Diametro bateko gaineko zatia beherekoarena baino diametro ttipiagoagokoa izanki, muturreko diametro desberdineko galanda konikoak lortzea ahalbidetzen duen eskema biziki zehatz bati jarraikiz mozten da egurra. Behin moztu eta, metalezko zatiak mailuaz moldatuak dira. Hainbat aldiz mailukatuak dira kono bat lortzeko gisan eta ondotik soldatuak dira.
Funtsezko urratsa da soldadurarena honi esker baita ikusezina bilakatzen metalezko plakaren bi aldeen lotura puntua.
Apainketa ziligatzearen bitartez
Ziligatzeari esker galanden gainean apainketarako marrazkiak bezain bat hizkia ere graba daitezke. Osagai oro eskuz ziligatua da, pazientzia eta zalutasun handiz.
Marrazkiei dagokienez, gure arbasoengandik datozkigun halako desberdinak atzematen ditugu eta hauek galandaren luzeran antolatzen ditugu, heren puntuko lima pasaia batzuen bitartez bereiziz. Gurutzadurak eta marra xeheak burutzeko ere erabilia da hau.
Idazkunak jartzeko, makhila bakoitza bere jabearen izen, deitura eta euskarazko goiburuaz pertsonalizatua da.
1926 aitzin « Ainciart Larressore » eta 1926tik aitzina « Ainciart Bergara – Larressore » izenpedurak atzematen dira gure makhila guzien azpiko aldean. Izenpedura hauei esker baiezta dezakegu makhila bat gure ateleriatik ateratzen dela. Azkenik, makhila bakoitzak bere fabrikazio urtea ekartzen du ere.
Horra Ainciart Bergara makhilen gainean atzemanen dituzuen marrazki nagusiak: lauburua eta iratzea, etxeko grabadura « izenpedura » marrazkial hauek.
Izenaren lehen hizkien grabatzea
Eskuz grabatuak dira izenaren lehen hizkiak eskutokiaren gainean. « Apaindurarako grabatzea » deitu eta erabili teknikari esker metala kentzen da zizel bat lagun idazkunak agerian ezartzeko gisan.
Gurutzaturik grabatuak dira hizkiak, forma hau biziki ongi egokitzen zaio eskutokiaren biribiltasunari. Beteez eta deslotuez eginak dira, presentzia bat eskaintzeko grabadurari eta denboran irauteko ahalbidetuz aldi berean.
Charles Demengeot, frantses grabatzaile biziki ezagunak XIX. mendean, burutu eredu batetik datoz hizki bikoteak. Honek, alfabetoko hogoita sei hizkiez monogramo bat burutu zuen, besteak beste.
Posible da ere, hala eskatuz gero, marrazkiak edo armarriak grabaraztea metalezko eskutokietan.
Pieza desberdinen muntaketa
Ainciart Bergara makhilaren pieza guziak eginak direlarik, hogoi bat orotara: galandak, eskutokia, uhala, txirikorda, punta, hirusta, etab., muntatzeko aldia heldu da.
Marra harmonia bat atzematea da xedea, ibilketa erraztuko duen oreka errespetatuz beti. Muturrean ezarri metalezko pieza batzuek luzatzen dute zuraren lerroa, mutur finena gainean eta lodiena beherean izanki.
Muntaketa kolarik, erraxinarik edo berunik erabili gabe burutzen da. Egurra eta metalaren arteko bortxaketaz. Ahokatze eta ziriz finkatze operazio biziki zehatza da. Molde orokorrean, muntaketa juntak ikusezinak bilakarazteko pentsatua da.
Ainciart Bergara makhilaren fabrikazioaren urrats zailenetakoa da, urteetako esperientziaren ondorioz bakarrik lortzen den begi kolpe segurua eskatzen baitu.
Makhila baten konponketa
Zuen Makhilaren jatorria ezagutzeko
Gure familiak gure atelerian egin makhilak baizik ez ditugu konpontzen, biziki ongi baitakigu nola muntatuak eta eginak izan diren. Gure ateleriaren izenpedura ikusgarri da Makhilaren oinarrian (ikus irudia) eta 1926tik aitzina « Ainciart Bergara – Larressore » edo urte hau aitzin « Ainciart – Larressore » idazkiari dagokio.
Aintzat hartzeko, larruzko uhal bat gehitzen ahal diogu edozoin makhilari ez baitu horrek neholako muntaketa/desmuntaketarik eskatzen.
Zenbait belaunaldiz irauteko egina da makhila bat. Urteen poderioz gertatu higadurak edo biziki usu erabilia izan delako gerta daiteke makhilaren zati batzuk andeatuak izatea. Gure atelerian konpontzeko parada eskainia zaizue beti. Uhalaren aldatzea da gehientean burutu beharreko konponketa, gerta daiteke ere eskutokiko adarra aldatzea, egurra aldatzea, hirusta ordezkatzea, etab.
Konponketerako, sinpleena da zuen makhilaren argazkiak guri helaraztea atelier@makhila.com helbidera idatziz.
Mantenu aholkuak
Zuen makhila ibilaldietan erregularki erabili edo apainketa osagai izan,
Bere kalitateak atxik ditzan erregularki begi kolpe bat botatzea aholkatzen dizuegu:
Zuen Makhilaren zura zaintzea
Garrantzitsua da zura zaintzea horri esker idortzea saihestuko baituzue eta bere kolorea atxikiko du. Noizbehinka kolorerik gabeko antikuario argizaria pasa ezazue patina atxikitzeko. Kolore iluneko zura gustukoa baldin baduzue, basagerezi iluneko antikuario ezkoa erabil ezazue. .
Zenbait urte luzez zura ez baduzue elikatu, ez da sekula berantegi honen artatzeko! Oliba oligoa pasa ezazue zuraren gainean, zuzenki zuen erhietan emanez. Honela, zuntzak sakonki berriz hantzen dira. Igurika itzazue zenbait egun ondotik ezkoa pasa aitzin, zurak bere distira berreskura dezan.
Zuen Makhilaren larruaren mantenua
Zuen gustuen arabera egiten da metalaren mantenua: gutitan aspektu patinatua gustukoa baldin baduzue, usuago nahi baldin badiozue metalari distira eman. Metalezko zatiak idorrean garbi itzazue zilarreriarako sarrio larru batekin (Hagerty etxekoSilver Cloth).
Miror bezalako gel likidoak ez erabiltzea aholkatzen dizuegu grabadurak zoldaz estaltzen baitira.
Zuen Makhilaren larruaren mantenua
Larruaren elikatzeko, Paulin gantza erabiltzen ahal duzue larrua andea ez dadin.
Zuen Makhila andeatua izan baldin bada, konponketa zerbitzu bat proposatzen dugu ere. Gurekin harremanetan sar zaitezte lasaiki argibide gehiago ukaiteko.
Erran gabe doa beti ongi etorriak zaretela gure atelerian, Larresoron, zuen makhila berritu nahi baldin baduzue (ezkotatzeko, leuntzeko, etab.).